Erreserba egiteko azken eguna ekainaren 4a (12:00etan) da, ostirala
Dantza Garaikidea zer den ba al dakizu? Dantzari profesionalek nola entseatzen duten ikusi duzu inoiz? Koreografoak eszenatokian nola sortzen duen ikusi nahi duzu? Dantzaren munduari buruz ikasi nahi zenuke?
Horrela bada, etorri zaitez J-AhO! lan koreografikoaren entsegu irekia ikustera, Amaiur Luluaga-ren eskutik.
J-AhO! eromena eta normaltasunaren arteko mugaren inguruko hausnarketatik sortzen da. Non dago muga hori? Normaletik desbideratzen den horrekin erlazionatzen dugu eromena, baina zer da “normala”? Nork erabakitzen du zer den “normala”? Galderak asko dira… eta galdera/erantzun horien inguruko hizketaldi bat proposatzen dugu saiorako; ikusleak parte hartu dezan, sorkuntza prozesu luze honetan zehar izan ditugun hausnarketak konpartituz. Helburua: etxera gaiaren inguruko ideia guztiak hankaz gora jarrita bueltatzea.
Honez gain, 2018az geroztik piezak izan duen eboluzioaz eta transformazioaz arituko gara, bai kontzeptu mailan, bai fisikoki. Horretarako, errekutso audio-bisualak eta mugimendua bera erabiliko ditugu. Azkenik, J-AhO!ren prozesuan funtsezkoa izan den Bailar la locura dokumentalaz arituko gara; sorkuntzarekin modu paraleloan grabatutako Marta Espar eta Maiol Virgiliren dokumentala, zeinetan nahasmen mentalak izan dituzten edo dituzten hiru emakume dantzarirekin elkartzen diren dantza piezari benetakotasuna eta esperientzia erreala aportatzeko asmoz.
Sarrera dohainik izango da. Bi sarrera gehienez pertsona bakoitzeko. Entsegu irekian parte hartzeko nahitaezkoa da erreserba egitea. Plaza-kopurua mugatua da, beraz onarpena izen emate lehentasunaren arabera izango da.