Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatze aldera, Kukukak 8. Dantza Topaketa antolatu zuen atzo ostegunean.  Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak, Semblante Andaluzek eta Amaia Gonzalez Caballero akademiako ikasleek ikuskizun aparta eskaini zuten bertaratutako 200 ikusleen aurrean, Oriarte Landaberri ikastetxeko patioa kolore biziz beteaz.

Atzoko emanaldiaz gain, aste honetako Euskal Dantzako eskolak kalean eman dira beren aletxoa jartzeko Topaketa hauetan. Hauek dira, hurrenez hurren, Zubietako taldea (haurrak eta helduak elkarrekin) eta Kukukako txikienak (asteleheneko taldeak, batetik; eta astearteko talde bat, bestetik).
OHARRA: Bizitzen ari garen une zail hauetan, eskerrak eman nahi dizkiegu guregana bertaratutako ikusleei beren pazientzia eta errespetuagatik. Egoera honetan benetan zaila da ekitaldi bat antolatzea; izan ere, jarraitu beharreko protokolo bat dago eta antolatzaileoi ezartzen dizkiguten arau batzuk daude. Eskerrik asko, beraz, pazientziaz itxaroteagatik eta Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko 8. Topaketan parte hartzeagatik. Kultura bizirik dago eta guztion artean bizirik mantentzen jarraituko dugu!