«PORNO vs AFRODITA (edo I ♥#gorkaurbizu)” izango da heziketa sexual eta afektiboa ardatz hartuta, helduei eta oraindik heldu ez direnei zuzendutako umorezko antzerkia. Dena, zuzeneko musikaz blai.
Soinu-proba. Azken kontzertua Gaztetxean. Gaztetxea ixtera doa. Gazteak heldu zaizkigu eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere bada. Seme-alabek, lanek, nekeak, gain hartu dute. Soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta euren inguruko ume eta gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango dugu zentzuen aurrean. Betiere, Porno eta Afrodita jainko-jainkosa basatien begirada apetatsupean.
Sei gizabanako hilkor, bizitzarekin ahal duten moduan moldatzen, bi heroi super cool, eta bi jainko-jainkosa ahalguztidun gizaki gaixoek debekatuta duten guztiaz gozatzen. Izango da antzerkia, izango da musika, izango da barre-algara, mina, pasioa, haragia, odola. Izango da rock and rolla.